sábado, 4 de abril de 2009

KAUTA

Kauta taldea lau gaztek osatu zuten 2001ean, Andoainen. Ikastolako lagunak eta interesgune bera konpartitzen zutenak: musika. Beste musika taldeetan ibili gabekoak ziren. Lehen agerraldia Andoaingo gaztetxean egin zuten 2002ko martxoan. Jon Irurzunek (BAP) grabatu zuen lehen maketa, “Zaharrak berri” kantua tartean zegoela, 2003ko ekainean eta uztailean. 2003an Euskadi Gazteak antolatutako maketa-lehiaketan entzuleen saria jaso zuten. 2003ko Euskadi Gaztea sarietan “Musikan Berria” atalekoa eman zieten 2004ko martxoan. Lehen diskoa, “Izan zaitez zu” (Oihuka), 2004ko urrian argitaratu zen eta harrera ona izan zuen. Kontzertuz betetako urtea izan zuten eta biraren bukaeran (2005eko azaroa) Xabi gitarrajoleak taldea utzi zuen.

Kauta taldearen bigarren diskoak “Biluzik” izenburua du. 2006ko abuztuan grabatu zuten Andoaingo Garate estudioan. Aurreprodukzioa, grabaketa eta nahasketa Haritz Harreguyren eskuetan utzi zituen Kauta taldeak, aurreko diskoan bezalatsu. Diskoak, musikari dagokionez, laguntzaile bakarra izan zuen: Jon Oiartzunek sintetizadorea eta theremiñe jo zituen “Norbere akaberari buruzko mintzaldia” abestian. Letretan, aldiz, Asier Serranok idatzi zuen “Suzko gaua”, Aitor Perezek “Eros nazazu”, eta “Norbere akaberari buruzko mintzaldia” Joseba Sarrionandiak idatzitako “Hnuy illa nyha majah yahoo” poema liburutik hartua dago.

Kauta taldeak rock eta hardcore melodikora bideratu ditu ahalegin guztiak eta, noski, ahotsaren melodietara.

KEN ZAZPI

Ken Zazpi Jon Mikel Arronategik (Exkixuko baxujolea) eta Eñaut Elorrietak (Lugarriko abeslaria) 1996an Gernikan bultzatutako musika taldea da. Orduan, Bi eta bat aurrerapen abestia kaleratu zuten urte hartako "Aurtengo GORakada, 1"-ean, Gor diskoetxearen bilduma diskoan, KEN ZAZPI izenburupean.

2000. urterarte ez ziren lanean serio hasi. Urte horretan gaur egun taldea osatzen duten taldekideak batu eta maketa bat grabatu zuten Muxikan Batiz-en laguntzarekin. Grabaketa hau Iñaki UOHOren etxean burutu zuten.

Honakoek osatzen dute taldea:
Eñaut Elorrieta – Gitarra eta ahotsa
Jon Mikel Arronategi – Gitarra eta ahotsa
Igor Artzanegi – Baxua
Beñat Serna – Gitarra
Iñaki Zabaleta – Trikitixa eta teklatua
Jon Fresko – Bateria

BERRI TXARRAK

Berri Txarrak 1994an Lekunberrin (Nafarroa) sortutako rock taldea da. Taldea Gorka Urbizu (ahotsa eta gitarra), Aitor Goikoetxea (bateria), Mikel Lopez Rubio (baxua) eta Aitor Oreja (gitarra) laukoteak osatzen zuen hasiera batean, baina azkenak 2004ean taldea utzi eta hirukote bilakatu ziren.

Gor disketxearen arabera, rocketik abiatuta, poparen sentsibilitatea zein metal menderaezinaren indarra jasotzeko gai dira Berri Txarrak, hardcorearen amorrua eta atitudea zein punk-rockaren energiara hurbilduz nahi ahala. Gainera, mezua zaintzen duen taldea da, inkonformista eta kritikoa eta ukitu poetikoz zipriztindua. Nazioarte mailan Berri Txarrak euskal rock gogor talderik arrakastatsuenetakoa da, birak Ingalaterran, Danimarkan, Alemanian, AEBetan, Mexikon eta Nikaraguan besteak beste egin baitituzte.

Berri Txarrak izeneko lehenengo diskoak (1997) Su ta Garren ildoko kanta on sorta bat utzi zuen. Baina 1999an etorriko zen lehenbiziko ezustea, Ikasten diskoa kaleratzearekin batera. Lan hau berritzailea izan zen euskal rock gogorraren panoraman, eta gerora etorriko zen etorkizun oparoa aurreikus zitekeen.

2001ko abuztuan bukatu zuten Andoaingo Garate estudioetan, Kaki Arkarazok ekoiztutako euren hirugarren diska, Eskuak / Ukabilak. Bertan daude taldearen klasikoetako batzuk 'Oihu', 'Stereo' edota 'Biziraun' (urteko kanturik onenari Gaztea Saria lortu zuena).

Laugarren diskoa 2003ko urrian kaleratu zen, Libre (c) izenburupean. Osotara hamaika kantu berri, hardcorea, metala eta emo estiloa batuz. "Denak ez du balio" kantuan Rise Against taldeko Tim abeslariak kolaboratu du. Disko honek harrera ezin hobea izan zuen kritika eta publikoaren aldetik (Rock Sound aldizkariak 2003ko Espainiako diskorik onena bezala izendatu zuen).

Jaio.Musika.Hil bosgarren albuma hirukote moduan kaleratu zuten, Karlos Osinagak grabatu eta Ed Roserekin (The Get Up Kids, Coalesce, Kurt Cobain, Motion City Soundtrack...) elkarlanean ekoitzi eta nahastua. Kritikak beste behin lan berria txalotu zuen. Mondosonoro aldizkariak 2005eko Espainiako hardcore diskorik onena izendatu zuen.

2008ko maiatzean Mikel Lopez "Rubio" baxujoleak Zertarako Amestu Tour 2008 bira amaitzean taldea utziko zuela iragarri zuen[1].

Taldeak 2009ko irailerako iragarri du disko berriaren kaleratzea. Disko honetan David Gonzalez izango da baxujole, eta Roadrunner Records zigilupean argitaratuko da.

GATIBU

Gatibu 2002ko udan Gernika aldean sortutako rock musika taldea da, Alex Sardui Exkixuren kantari ohiaren inguruan. Haimar Arejita da gitarrajolea, Frik, Noiz? eta Einbigu taldeetatik igaro ostean. Cartoon Project eta Noiz? taldeetan egondakoan, Mikel Caballero, gitarra elektriko irakaslea, baxuaz eta sanplerraz arduratzen da. Gaizka Salazar bateriajoleak, Einbigu, Frik eta The Rabid Harpy taldeentan jo du. Gitarra eta ahotsa zutabe hartuta, bi disko (Zoramena -2002- eta Disko infernu -2005-) kaleratu dituzte, Gernikako euskaraz. Lehenengoan, Extremoduroko Robek Mila doinu aidien kantan eta Platero Y Tu taldeko Fitok Urepel kantan parte hartu dute, hasiera batean koroak egitekoak ez baziren ere.

BETAGARRI

Betagarri Gasteizko musika taldea da, 1992an sortutakoa. Hala ere, 1997ko otsailean grabatu zuten haien lehenengo diskoa, Betagarri, Mil A Gritos Records diskoetxearekin.
1997an grabatu zuten Berrizen (Bizkaia) Lorentzo Recordsen. Mil A Gritos Recordsek kaleratu eta B.V.A. "Triku"k ekoitzi zuen.
Disko honek 13 abesti ditu euskera, gaztelania, ingelesa eta portuguesez.
Honakoak dire taldearen kideak:
Iñaki Ortiz de Villalba, abeslaria.
Aitor, gitarrajolea.
David Gabiña, saxofoijolea.
Gontzo, gitarrajolea.
Iker Uriarte, bateriajolea.
Mikel Sanz, tronboijolea.
Unai Lobo, tronpetajolea.
Pablo Rodriguez, baxujolea.
Iosu, baxujole berria.